XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sugur-motzaren aurrean pasatzerakoan, txapel oker-beltz arren dirdir-ixpilluan ikusi zuan nonbait bere arpegia emakumeak, eta alako naska arpegi bat jarri zuan.

Bere barrurako: Motellak, bai ikustoki beltza!, esan ba'lu bezela.

Ta orduantxe Anoeta'ra eltzen.

Sugur-motzaren aurrean exerita zetorren agure zar bat zutitu ta bere alki azpitik zaku bat atera ondoren jexteko gertu zan.

Guardiazibillaren begiak bai zorrotzak!.

Agurea altxa zan bezin laixter ezker-eskubi bi ukalondoko eman eta antxe exeri zan bat.

Gero, bere paparra ollar batek bezela arrotu ta erregekume bat ba'litz bezela geratu zan.

Beste guardiazibilla (ez bai dira oiek beñere bakarka ibiltzen) zutik geratu zan; zai, ia beste alkiren bat ustutzen ote zan.

Anoeta'ko geltokian aurtxo bat besoetan zekarkian emakume gazte bat igo zan.

Eta, bearko, ate ondoan geratu zan.

Batek bidea egin, besteak alkar-estutu, danen artean tartetxo bat egin zioten, eta ama-semeak sugur-motzaren ondoan geratu ziran.

Mutikotxoak sei bat illabete izango zituan, ta begiak ontzeko urreak ba'lira bezela zabal, danei irriparrez geratu zan.

Sugur-motzak alako irri bat egin zion, eta aurtxoak berebiziko pestekin erantzun zion.

Eta ala, ba'zetozen, tapa-tapa, Billabona bidean.

Zerbait esan bear da:
- Billabona'ra al zoaz galdetu zion sugurmotzak emakumeari.